ERC Palaeorigins: Sarrera
Palaeoriginsek Asiako hego-mendebaldera eramaten gaitu, Historiaurreko ikerketa-gairik aztertuenetariko baina auparienetarikoaren erdigunera: nekazaritzaranzko trantsizioa. Behin-behineko iraultza baino, elikagaien produkzioa duela 23000 urte inguru hasitako prozesuaren emaitza izan zen, ehiztari-biltzaileak Neolitoan etxekotutako laboreen aitzindari basatiak kudeatzen hasi zirenekoa.
Palaeorigins Epipaleolito kronologiak ditu aztergai (23000-11600 cal BP urteen artean) eta landare elikagaien produkzioaren jatorriaren inguruko galderei erantzutea du xede nagusia. Nola hasi ziren gizarteok labore lanetan? Zerk bultzatu zuen eraldaketa hori? Faktore klimatikoen ondorio izan zen edo dinamika kulturalek eragin zuten?
Proiektuaren erronka nagusienetariko bat zera da, iraganeko bizibidea ezagutu ahal izateko ikuspegi holistikoa duen azterketa sustatzea. Arkeobotanikaren arloan buruturiko ikerketa aitzindariek Epipaleolitoko ekonomiaren karakterizazioa edo ingurumena izan dituzte aztergai; Palaeoriginsek, baina, bi ildo horiek bateratuz prozesu guztia berreraikitzea du helburu: ingurugiroan eskuragarri zeuden baliabideak aztertzea, horien hornikuntza eta ustiapena ezagutzea, eta elikagaien prestakuntzaren zein kontsumoaren berri izatea.
Proiektuak, hortaz, hiru helburu nagusi ditu:
- Pleistozeno amaierako eta Holozeno hasierako klima-aldaketek landare-baliabideen eskuragarritasunean izan zuten eragina ebaluatzea.
- Epipaleolitoan zehar landareen kudeaketari eta ingurunearen ustiapenari buruzko ebaluazio zehatza eskaintzea.
- Ehiztari-biltzaileen elikadura-kultura definitzea eta nekazaritzarako trantsizioan zer-nolako eragina izan zuten ezagutzea.
Gauzak horrela, nekazaritza garatu eta hedatu aurretik gizakiaren eta euren ingurumenaren arteko erlazioari buruzko funtsezko informazioa eskuratzeko aukera eskainiko digu Palaeorigins proiektuak.